2011/11/24

OSOKO BILKURAN AHO BATEZ ONARTU DUGU

EMAKUMEENGANAKO INDARKERIAREN AURKAKO NAZIOARTEKO EGUNA
Azaroaren 25ean Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Eguna dela-eta, aurten, berriro ere, emakumeengan eta batez ere emakume gazteengan jarri nahiko genuke arreta. Izan ere, indarkeriaz hitz egiteko beharraz gainera, errespetua, askatasuna, autonomia eta berdintasuna oinarri dituzten harreman afektibo eta sexualak eraikitzeko beharra ikusten dugu.
Erakundeek, hedabideek eta gizarteak oro har bukarazi beharreko arazo sozialtzat jotzen da emakumeenganako indarkeria. Hori azken urteotan erdietsitako lorpen garrantzitsua izan da. Halarik ere, askotan, indarkeria mota hori egoteko arrazoia ez dago ezagutzerik, ezta haren sustraiak zeintzuk diren ere, edo, besterik barik, ez da horren gainean informatzen. Askotan, “gaitz” hitza erabiltzen da hura definitzeko, jasan beharreko ezbehar bat izango balitz bezala, inolako arrazoirik gabe eta horren erantzule izango ez bagina bezala. Gizarteak neska gazteen kontrako indarkeria kasu ugari ikusten ditu txundituta, eta ez daki zer ari den gaizki egiten, gailentasun matxistako ereduak izateko oraindik nagusi gazteen arteko harremanetan.

Emakumeenganako indarkeria, zoritxarrez, gure gizarteko errealitateetako bat da. Ez dira kasu isolatuak: Azkoitian ere gertatzen dira horrelakoak. Testuinguru horretan, ezinbestekoa da begirada zabaltzea, emakumeenganako indarkeriari buruzko ikuspuntu globala izatea, tratu txar fisikoak eta hilketa matxistak baino haragoko elementuak barne hartzeko eta gizartearen esparru guztietan mantentzen diren desberdintasunen adierazpen basatitzat jotzeko. Horrenbestez, ezinbestekoa da ulertzea ezin daitekeela emakumeenganako indarkeriaren kontra borroka egin, gizonezkoen eta emakumezkoen ereduak sakon eraldatu barik, ez eta gizon eta emakumezkoen harreman afektibo eta sexualak eraikitzeko modua ere.

Prozesu horri ekiteko, beharrezkoa da erreferente positiboak edukitzea. Xedea ez da egungo eredu kaltegarriak antzematea bakarrik, baita maitasuna eta sexualitatea modu askeagoan eta berdintsuagoan bizitzen ikastea ere. Gizarte berdinagoa eraikitzen laguntzen duten eguneroko jarrera txiki horiek landu nahi ditugu. Emakumeekin, euren autonomia eta jabekuntza sendotzen dituzten jarrerak landu nahi ditugu, izan ere, horiek mugak gainditzen eta estereotipo sexistak apurtzen lagunduko digute. Gizonekin, berriz, matxismoa deslegitimizatzeko jarrerak landu nahi ditugu, baita maskulinotasun hegemonikoaren eredutik aldetzekoak ere.

Mugimendu feministak urteak daramatza genero harremanen ondorio diren jazarpen egoerak salatzen, eta horiek gerta ez daitezen sentsibilizazio ekintzak egiten. Horri esker, egun, erakunde publikoek tratu txarrak edo sexu erasoak jasandako emakumeen arretarako zerbitzu espezifikoak garatu dituzte, eta prebentzio zein sentsibilizazio programak bultzatzen dihardute.





Horren guztiaren jakitun:

  1. Azkoitiko Udalak, emakumeenganako indarkeriaren aurka lanean diharduten banako, talde eta elkarteak, eta oro har, parekidetasunaren alde diharduen mugimendu feministaren lana aitortu nahi du.

  1. Udala konprometitzen da bere eskumenen esparruan eta indarrean dagoen legedia aplikatuz, udal politika aktibo, integral eta koordinatua garatzea berdintasunaren alde eta emakumeenganako indarkeriaren aurka.

  1. Udala konprometitzen da emakumeenganako indarkeria pairatu dutenei arreta hobetzeko tokiko protokoloa gauzatzera eta egun Udalak dituen laguntza bereziak mantentzera.

  1. Udala konprometitzen da tratu onak bultzatzeko egun duen hezkidetza programa jorratzen jarraitu eta beharrezkoak diren prebentzio zein sentsibilizazio programak eta ekintzak egitera.

  1. Udal honek dei egiten die herritarrei, puntu morea bere egitera.

  1. Herritarrak Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna (azaroaren 25a) dela-eta egingo diren ekintzetan parte hartzera gonbidatzen ditu, eta oro har, urte osoan, indarkeria horren aurka modu publikoan agertzera.

  1. Udalak bat egiten du, Azkoitiko mugimendu feministak Emakumeen Indarkeriaren aurka azaroak 25ean antolatu duen kontzentrazioarekin eta herritarrei dei egiten die bertan parte hartzera.


2011/11/18

AZKOITIKO UDALARI,ELKARGUNEKO TARIFEN INGURUAN AITZAKIRIK EZ JARTZEKO ESKATZEN DIOGU

Gobernuan daramatzan 5 hilabetetan hartu dituzten erabakien ardura hartzeko eskatu nahi diogu BILDUko udal taldeari.
Elkarguneko tarifak erabakitzerako orduan, eraikina egiteko inbertsioak edo eta bere kudeaketa daraman enpresak ez du tarifak jartzeko orduan inolako eraginik. Tarifak, honelako instalazio batek duen gastua eta dauden abonatu kopurua kontutan izanda, zenbateko defizita onartzeko prest gauden ikusiz jartzen dira.
Aurreko legealdian eginiko aldaketek, udalari, urtean 50.000 euro gutxiago kostatzea ekarri zion eta badirudi, oraingo udal gobernuak ere aurrekoak genituen kriterio berdinak aplikatu nahi izan dituztela.
Hau horrela izanik, ez dezatela harturiko erabakia aurreko legealdian egon zirenen gain jarri,izan daitezela beraiek hartu duten erabaki horren arduradun.
Hauteskunde aurretik tarifak jeitsiko zituztela agindu zuten, baina udaleko arduradun jarri direnean ikusi da esan zutena eta egin dutenaren artean alde handia dagoela. Adibide garbia, 6 eta 12 urte bitarteko umeen tarifak %66 an igotzea da.
Elkargunearen eraikuntzan gastaturiko diruaren arrazoi bakarra, herriaren erdigunean egitea da, hau da, herriaren erdigunea BIZIRIK mantentzearen erabakia. Beraz, zein erabakiren kontra daude? Elkargunea erdigunean egitea edo Kanpoko igerilekuak egitearena?
Bestalde, badira hartu dituzten beste zenbait erabaki ere beren ardura bakarra izan direnak, hau da, herriko baserritarrek zuten %95 eko bonifikazioak kentzea, Elkarguneko kide izan eta Ludoteka eta Zineko sarreretan zeuden %50 eko bonifikazioak kentzea, enpresei ordaintzen dituzten zergak % 10,4 igotzea,….
Utz diezaiotela aitzakiak jartzeari eta arduraz jokatzen has daitezela

2011/11/11

BIDEA EGINEZ

BIDEA EGINEZ izenburupean aurkeztu dugu, dagoenekoz azkoitiko etxe guztietan jasotzen ari zareten aldizkaritxoa. Azkoitiko EAJ-PNV bere bidetik, hauteskundeetarako aurkeztutako programa betetzen saiatuko bait da, eta horren berri zuzenean izateko asmoarekin sortu dugu aldizkaria.

Lehenengo ale honetan, gugan konfiantza agertu zenuten herritarroi eskerrak eman eta hemendik aurrera gutariko bakoitzak ze arlotan (batik bat) jardungo dugun azaldu nahi izan dizuegu.

Barruakaldea, Azkoitiko merkatari elkarteari eta gainontzeko alderdi politikoei aurkeztu diegun 4 urteetarako merkataritza planaren laburpen batekin hasten da. Hauteskunde programan (http://mikelzubizarreta.blogspot.com/2011/05/garapena-lana.html) agindu bezela, aurrera eraman dugun plana da eta honen ondoren ekonomiaren egoera, krisialdia, aurrekontuak eta zorraren inguruko argibideak, modu erraz baten azaltzen saiatu gara.

Bukatzeko udalean gaudenok, jakiten ditugun, baino herritarroi askotan iristen ez zaizkizuen hainbat datu deigarri azaltzen ditugu.

Hemendik patxadaz irakurtzera gonbidatzen zaituztet aldizkaritxoa, eta beti bezela, inolako zalantza kezka, proposamen edo kritikarik izanez gero, esker onez hartuko genituzke.