2013/02/20

MARTITTEKO BIDIE


50 urte izango dira, Martitte aldeko baserritarrek, auzolanean, bide hau egin zutela. Inor akordatuko da Martitteko tabernako sarreran, lan hau egiten jardun zuten lagunen argazkiarekin ere. Lagun horien artean zegoen nere aita ere.


Baserri bakoitzetik lagun bat gutxienez ibili zen bide hau egiten, tartean pare bat harrobi ere egin zituzten bidea behetik goraino luzatzeko. Ez zen egun batean egindako lana izan, urteak behar izan zituzten guztia amaitzeko, baina benetako auzolanaren eredu izan zirela, argi daukat!


Guztiok dakizuen bezala, lur jausi itzela izan dugu duela egun gutxi. Hasiera batean pare bat astetan errepidea berriro zabaltzeko asmoa adierazi zuten bertaratutako tekniko zein politikoek, baina garbi ikusi dugu urteak beharko direla berriro ere errepide bat egin ahal izateko.
Bitartean errepide alternatiboa prestatzen dabiltza Altuna y Uriako langileak. Hainbat eta hainbat langile eta makina bertartzen zaizkigu egunero. Garai batean horrelako aurrerapenik gabe egin zen lana eta badirudi denbora berdintxua beharko dutela berriro lehengo egoerara itzultzeko. Naturaren kontuak.
Ea kapazak garen denbora tarte horretan bertako bizilagunei ahalik eta zerbitzurik onena emateko, izan ere hauek, beste herritar guztion bezalakoxe beharrak dituzte eta.