2012/04/22

DBHko Eraikin Berria, orain!

1968ko urtarrilean sortu zen Xabier Munibe Ikastola. Hasieran Oinarrizko Heziketa Orokorreko ikastetxea zen (3-14). 1996ean publifikatu zen eta ikastolaren zatiketa ekarri zuen, hau da, Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza (2-12) alde batetik eta Bigarren Hezkuntza (12-16) beste aldetik.
Bien arteko harremana estua zenez, bai izena eta eraikuntza konpartitu zituzten.
Azken urteetan ordea, gelen eta ikasleen gehikuntzak ( 500 tik 1000ra), leku eskazia ekarri du eta urteak aurrera doazen heinean, arazoa larritzen joan da eta gaur da eguna jasanezina dela.
Aurreko legealdian, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin harremanetan jarri eta udalak lur saila prest jartzea lortu zuen.
Eusko Jaurlaritzak, DBHko eraikin berria egiteko proiektua egiteko konpromisoa hartu zuen eta ondoren eraikina egitea ere. Bestalde eraikina egiten zen bitartean, Urola Institutuko gela batzuk egokituko zituela jakinarazi zuen.
Kontua da ez bata eta ez bestea ez direla aurrera doazenik ikusten. Hau horrela izanik, Ikastolako gurasoak martxan jarri dira eta Xabier Munibeko Gurasoen Batzorde Bateratua sortu dute, hau da, HH-LHko, DBHko, Udaberri Guraso Elkarteko eta Indarlan Guraso Elkarteko gurasoak.
Batzorde honek Kalitatezko hezkuntza publikoa bermatzea, Baliabide eta azpiegitura egokiak bermatzea, eta prozesu guzti honetan beraiekin kontatzea lortu nahi du.
Apirilak 18an egin genuen Azkoitiko EAJko zinegotziok bilera guraso elkarteko kideekin. Helburuak garbi zituzten eta gure laguntza guztia eskaini genien:
1.    Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak agindu bezala, 2014/15 ikasturterako DBHko eraikin berria martxan jartzea.
2.    Bitarte horretan, 2012/13 eta 2013/14 ikasturteetan, HH-LHko eta DBHko ikasleen baldintza egokiak bermatzea
3.    Xabier Munibeko Gurasoen Batzorde Bateratua une oro informatuta egotea eta prozesuari jarraipen zehatza egitea.