2011/11/24

OSOKO BILKURAN AHO BATEZ ONARTU DUGU

EMAKUMEENGANAKO INDARKERIAREN AURKAKO NAZIOARTEKO EGUNA
Azaroaren 25ean Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Eguna dela-eta, aurten, berriro ere, emakumeengan eta batez ere emakume gazteengan jarri nahiko genuke arreta. Izan ere, indarkeriaz hitz egiteko beharraz gainera, errespetua, askatasuna, autonomia eta berdintasuna oinarri dituzten harreman afektibo eta sexualak eraikitzeko beharra ikusten dugu.
Erakundeek, hedabideek eta gizarteak oro har bukarazi beharreko arazo sozialtzat jotzen da emakumeenganako indarkeria. Hori azken urteotan erdietsitako lorpen garrantzitsua izan da. Halarik ere, askotan, indarkeria mota hori egoteko arrazoia ez dago ezagutzerik, ezta haren sustraiak zeintzuk diren ere, edo, besterik barik, ez da horren gainean informatzen. Askotan, “gaitz” hitza erabiltzen da hura definitzeko, jasan beharreko ezbehar bat izango balitz bezala, inolako arrazoirik gabe eta horren erantzule izango ez bagina bezala. Gizarteak neska gazteen kontrako indarkeria kasu ugari ikusten ditu txundituta, eta ez daki zer ari den gaizki egiten, gailentasun matxistako ereduak izateko oraindik nagusi gazteen arteko harremanetan.

Emakumeenganako indarkeria, zoritxarrez, gure gizarteko errealitateetako bat da. Ez dira kasu isolatuak: Azkoitian ere gertatzen dira horrelakoak. Testuinguru horretan, ezinbestekoa da begirada zabaltzea, emakumeenganako indarkeriari buruzko ikuspuntu globala izatea, tratu txar fisikoak eta hilketa matxistak baino haragoko elementuak barne hartzeko eta gizartearen esparru guztietan mantentzen diren desberdintasunen adierazpen basatitzat jotzeko. Horrenbestez, ezinbestekoa da ulertzea ezin daitekeela emakumeenganako indarkeriaren kontra borroka egin, gizonezkoen eta emakumezkoen ereduak sakon eraldatu barik, ez eta gizon eta emakumezkoen harreman afektibo eta sexualak eraikitzeko modua ere.

Prozesu horri ekiteko, beharrezkoa da erreferente positiboak edukitzea. Xedea ez da egungo eredu kaltegarriak antzematea bakarrik, baita maitasuna eta sexualitatea modu askeagoan eta berdintsuagoan bizitzen ikastea ere. Gizarte berdinagoa eraikitzen laguntzen duten eguneroko jarrera txiki horiek landu nahi ditugu. Emakumeekin, euren autonomia eta jabekuntza sendotzen dituzten jarrerak landu nahi ditugu, izan ere, horiek mugak gainditzen eta estereotipo sexistak apurtzen lagunduko digute. Gizonekin, berriz, matxismoa deslegitimizatzeko jarrerak landu nahi ditugu, baita maskulinotasun hegemonikoaren eredutik aldetzekoak ere.

Mugimendu feministak urteak daramatza genero harremanen ondorio diren jazarpen egoerak salatzen, eta horiek gerta ez daitezen sentsibilizazio ekintzak egiten. Horri esker, egun, erakunde publikoek tratu txarrak edo sexu erasoak jasandako emakumeen arretarako zerbitzu espezifikoak garatu dituzte, eta prebentzio zein sentsibilizazio programak bultzatzen dihardute.





Horren guztiaren jakitun:

  1. Azkoitiko Udalak, emakumeenganako indarkeriaren aurka lanean diharduten banako, talde eta elkarteak, eta oro har, parekidetasunaren alde diharduen mugimendu feministaren lana aitortu nahi du.

  1. Udala konprometitzen da bere eskumenen esparruan eta indarrean dagoen legedia aplikatuz, udal politika aktibo, integral eta koordinatua garatzea berdintasunaren alde eta emakumeenganako indarkeriaren aurka.

  1. Udala konprometitzen da emakumeenganako indarkeria pairatu dutenei arreta hobetzeko tokiko protokoloa gauzatzera eta egun Udalak dituen laguntza bereziak mantentzera.

  1. Udala konprometitzen da tratu onak bultzatzeko egun duen hezkidetza programa jorratzen jarraitu eta beharrezkoak diren prebentzio zein sentsibilizazio programak eta ekintzak egitera.

  1. Udal honek dei egiten die herritarrei, puntu morea bere egitera.

  1. Herritarrak Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna (azaroaren 25a) dela-eta egingo diren ekintzetan parte hartzera gonbidatzen ditu, eta oro har, urte osoan, indarkeria horren aurka modu publikoan agertzera.

  1. Udalak bat egiten du, Azkoitiko mugimendu feministak Emakumeen Indarkeriaren aurka azaroak 25ean antolatu duen kontzentrazioarekin eta herritarrei dei egiten die bertan parte hartzera.


2 comentarios:

  1. Daon krisisekin ta hasi gea mikel alper alperriko gauzetaz hitzeitten ayuntamientun denborie alperrik galduez,akaso pentsatsezu gizon batek andrie jotzen bau zuek eindeko akordio horrekin ez duela joko ala?hertzaiñei deitzea dauka nai badu,baiña zuen ondo gelditu behar hori jendearen aurrean ezertarako balio ez duten gauzekin......
    Bilduke esan zuen gizon-emakumeen berdintasunerako teknikari bat jarriko zuela,12 milloiko zorra udalak ta alper alperrik ta ezertarako balio ez duen postu bat jarri gaiñera.
    Zeren feminismoaren viktimismo tipikoa da esatea postu berdiñean eta lan "berdiña" egiten dutenean emakume eta gizon batek,askotan gizonak gehiago kobratzen duela.
    Teoria hau desmontatzea erreza da esanez ze sentidu daukan gizon hori lanpostu hortan mantentzeak?zeren feminismoaren teoriaren arabera gizon hori kaleratua izan beharko zuen eta emakumeak jarri bere ordez,nola lan "berdiña" egiten duen eta gutxiago kobratu......baiña hori hori ez da horrela gertatzen eta empresarioak bere arrazoiak izango ditu hori horrela ez izateko,asi que viktimismo gutxiago.
    Asi que pertsona bat jartzea bilduk emakume ta gizonen arteko berdintasuna lortzeko lotsagarria da eta dirua harrika botatzea berriz ere.

    ResponderEliminar
  2. Kaixo Manuel,

    Batak bestearekin zer ikusirik ez duela iruditzen zait.

    Egungo egoera ekonomikoaren aurrean hartu beharreko erabakiak eta ekintzak guk behintzat garbi ditugu, aurreko legealdian garbi jarri genituen mahai gainean zeintzuk ziren gure lehentasunak: promozio ekonomikoa garatuko dituen partidak mantentzea, merkataritza eta bertan lana sortu dezaketen ekintzak bultzatzea eta gastu soziala mantentzea. Hortik aurrera,
    Foru Aldunditik datozen sarrerak jaisten badira, gerrikoa estutu lehentasun irizpide garbi batekin.

    Emakumeen tratu txarren aurkako deklarazio honi buruz, inolaz ere ez nago zurekin ados. Horrelako eta beste edozein eratako ekintzen helburua, gizarteari inolako justifikaziorik ez duen egoera bat salatu eta beharrezko diren pausoak emango ditugula jakinaraztea da.

    Berdintasuna behar beharrezkoa da, ezberdinak garela onartuz, berdintasun irizpidea, unibertsala delako. Kontua ez da lan ezberdina eginda soldata berdina izatea, baizik eta lan berdina eginda, bata eta bestea berdin baloratzea.

    ResponderEliminar