2012/01/30

LAPURTUTAKO HAURREN AUZIA

Azkoitiko Udal zinegotzi guztiei bidali diet, Gipuzkoako batzar nagusietan aho batez onarturiko testua.  Badirudi Azkoitian ere  badaudela egoera tamalgarri hau jasaten ari diren familiak, eta beraz, nire helburua guk ere Azkoitiko Udalean aho batez testu berbera onartzea da:

Euskal Autonomia Erkidegoan 50eko hamarkadatik 90eko hamarkadara bitartean administrazio‑irregulartasun batzuk izan zirela‑eta, jaioberrien bidegabeko jabetzeen edo adopzio irregularren susmoa dago.
Gipuzkoa kaltetu gehien dituen lurraldea da, eta ustezko traman Gipuzkoako 20 ospitale zeudela susmatzen da. Hori dela‑eta, Gipuzkoako Batzar Nagusiek kaltetuen elkarte batzuk gonbidatu zituzten, argudioak eta kezkak azal zitzaten, 2011ko irailaren 26an, Berdintasun Politiken, Giza Eskubideen eta Oroimen Historikoaren Batzordean.
Batzorde hartan, SOS Bebés Robados-Euskadi eta ANADIR elkarteetako ordezkariak izan ziren. Ikertzen ari diren zenbait kasuren egoera azaldu zuten, eta dokumentazioa banatu zuten; eta Batzar Nagusiei dituzten helburuetan laguntzeko eskatu zieten. 
 Jaioberrien lapurreten balizko auzian azken egunotan hainbat gertakari izan dira, hala nola gorpuak hobitik ateratzea eta Gipuzkoako ospitale eta kliniketako ikerketak. Hori kontua izanda, Gipuzkoako Batzar Nagusiek erakunde‑adierazpen hau egin dute.

GIPUZKOAKO BATZAR NAGUSIEN ERAKUNDE-ADIERAZPENA, LAPURTUTAKO HAURREN AUZIARI BURUZKO LAGUNTZA-ESKAERARI ETA LANKIDETZARI BURUZKOA 

Erakunde‑komunikatu honen bidez, Gipuzkoako Batzar Nagusiek elkartasun osoa adierazten diete jaioberrien lapurreten eta adopzio ilegalen kasuetako familiei.

Kaltetuek aldarrikatzen duten egia jakiteko eskubideari dagokionez, alegia, senitartekoek desagertutakoen norakoaren berri izateko eskubideari dagokionez, Gipuzkoako Batzar Nagusiek uste dute agintariek eskubide hori bermatzeko obligazio politikoa dutela, zehazki, eskumena duten tokiko, lurraldeko, erkidegoko nahiz estatuko agintariek.

Gipuzkoako Batzar Nagusiek euskal erakunde guztiei eskatzen diete, eta bereziki Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari eskatzen diete behar diren eta haien esku dauden neurri guztiak hartzeko aipatutako elkarteek eskatzen duten egia‑eskubidea bermatzeko.

Gipuzkoako Batzar Nagusiek Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatzen diote, beste neurri batzuen artean, kaltetuentzako aholkularitza‑zerbitzu bat sortzeko.
Berdintasun Politiken, Giza Eskubideen eta Oroimen Historikoaren Batzordean hasi dituzten lanekin jarraitzeko konpromisoa hartzen dute Gipuzkoako Batzar Nagusiek, harik eta egitateak argitu arte.
Donostian, 2012ko urtarrilaren 17an

No hay comentarios:

Publicar un comentario