2012/03/28

BATERAGUNE AUZIA

Atzoko osoko bilkuran, BATERAGUNE auziaren gaineko mozioak aurkeztu genituen. Jarraian uzten dizuet EAJtik aurkeztu eta  AZKOITIA BAIren aldeko bozkekin babesik handiena lortu zuena:

Datorren martxoaren 28an, Auzitegi Gorenak Bateragune auziaren helegitea aztertuko du Madrilen. Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Miren Zabaleta, Arkaitz Rodriguez eta Sonia Jacinto hamar eta zortzi urteko kartzela zigorrera kondenatu zituen Entzutegi Nazionalak ETAkoak izatearen akusaziopean.

Euskal Herrian aldaketa politiko sakonak bizi izan ditugu azken hilabeteetan. Aldaketa politiko sakona izan da ETA erakundeak erabaki eta adierazi izana 2011ko urriaren 20an bere jarduera armatuaren behin betiko amaiera. Halaber, aldaketa funtsezkoa da ezker abertzaleak soilik bide politiko eta demokratikoen alde egiteko erabakia.

Herri hau, giza eskubide guztien onarpenean eta defentsan oinarrituz, demokrazia eta bakea garatuz eta herritarren borondatea oinarritzat hartuz eraiki behar dela, herri honen gehiengoak aspaldi egindako hautua da. Aipatutako bost pertsonak lan politikoa egiteagatik atxilotu zituzten; aldaketa ekarri zuten ezker abertzalera; eta hala ere, kartzelan daude.

Egoera berria sortu da, herri honek merezi zuena eta hainbeste urteetan ukatu zaiona.

Ez Euskal Herritarren gehiengoak, ez eta nazioarteko iritzi publikoak ere, ez du ulertzen ez onartzen, Bateragune auzian kondenatutako bost Euskal Herritar hauek kartzelan izaterik. Ez du onartzen,  sortu den egoera berri honen aurrean, espainiar Estatua urrats positiborik eman gabe gelditzerik.

Hau guztia kontutan izanik, honako erabaki hau hartzen da:

Bateragune auzian Auzitegi Gorenak aztertuko duen helegitearen aurrean, Udal honek Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Miren Zabaleta, Arkaitz Rodriguez eta Sonia Jacinto aske uzteko eskaria egiten du.

No hay comentarios:

Publicar un comentario