2013/01/27

MUSIKA ESKOLEN ELKARTEKO ESKAERA

Musika Eskolak hezkuntza zentroak dira, eta haurrei, gazteei edo eta helduei zuzendutako irakaskuntza sistema egonkor baten bidez, beren hezkuntza integrala hobetzeko edo osatzeko bidea eskaintzen zaie.
Eskola hauen helburu nagusia musikazaleak prestatzea eta ahots-taldeak nahiz instrumentu-taldeak sustatzea da, hala nahi duten pertsona guztiek musika-jarduerari ekiteko edo sentsibilitate eta zentzu estetikoa garatzeko aukera izan dezaten, arte-hezkuntzaren parte bezala.
Euskadiko Musika Eskolen bidez, estetikotasuna eta sormena lantzen dira, eta baita pertsonen sentsibilitatea ere, irakaskuntza, hezkuntza eta arte-kulturaren bidez.
Arte-hezkuntza eskubide unibertsala da eta eskubide hori bideragarria izatea bermatu behar dugu. Norbanakoaren garapenean laguntzen du, herritar, banako eta talde bateko partaide gisa, sorkuntzarako ahalmena, hausnarketarako gaitasuna eta autonomia-kontzientzia eta pentsamendu-askatasuna estimulatuz.
Gaur egun, Euskadi mailan 35.000 ikasletik gora dituen elkartea izanik, badu tokiko kulturan bere proiekzioa eta presentzia.
Krisi garai honetan, Euskadiko Musika Eskolen Elkartea, bere ibilbidea bermatzeko ahaleginean, bere finantzaketa sistema kontsolidatu nahian dabil, Euskal eremuan dauden alderdi politiko guztiekin hitzartuz, eta Azkoitiko Musika Eskolako lehendakari bezala, guztion ahaleginarekin, dugun helburua lortzea espero dut.

No hay comentarios:

Publicar un comentario