2013/05/16

AZKOITIKO UDALAREN MANIFESTUA, SEXU ASKATASUNARI ETA SEXU DIBERTSITATEARI BURUZKOA

Bihar Maiatzak 17, Homofobia, Lesbofobia eta Transfobiaren aurkako eguna izanik, gaur osoko Bilkuran EAJtik aurkezturiko dokumentua eta ondorengo konpromezuak aho batez onartu ditugu:
1. Herritar guztiak errespetatzea, haien orientazio sexuala eta genero-identitatea edozein dela ere.
2. Pertsonen duintasuna eta osotasun fisikoa —estatuetako gobernuen legeen bidez bermatu beharrekoak biak— errespetatzea. Espazio publikoan eta, bereziki, hezkuntzaren arloan ematen diren adierazpen homofobo, lesbofobo, transfobo eta bifoboak irmotasunez kondenatzea.
3. Mundu osoan erabat despenalizatzeko eskatzea, hori baita herritar guztien artean benetako sexu askatasuna eta berdintasuna egotearen seinale. Bereziki kondenatzea LGTB taldeko pertsonen aurkako heriotza zigorra oraindik ere sexu-askatasuna despenalizatu ez duten herrialdeetan, eta zigor horren aurka egitea.
4. Transexualitatea despatologizatzeko eta DSM eta CIE psikiatriako eskuliburuetatik kentzeko eskatzea.
5. Espazio publikoan eta bereziki hezkuntzaren arloan egindako adierazpen afektibo-sexualen eta genero-identitateen ikusgaitasuna errespetatzea.
6. Lanerako, hezkuntzarako eta aisialdirako guneak erabiltzeko eskubidea bermatzea, sexuaren edo genero-identitatearen ondoriozko inolako diskriminaziorik gabe.
7. Aukera sexual eta genero-identitate bakoitzaren irudi duina sustatzea komunikabideetan, bai eta agerraldi kulturaletan, sozialetan, artistikoetan eta, bereziki, hezkuntzaren arlokoetan.
8. Gizarte anitzago, ireki eta integratzaileago baten alde lan egiteko esperientziak eta jarrerak sustatzea, non orientazio afektibo-sexuala eta genero-identitatea ez diren inorentzat oztopo izango.
9. Sexualitate anitzerako bidea egitea, mitorik gabe, konparaziorik gabe, inposiziorik gabe, eta sexualitate askearen —aukera eta orientazio sexualerako eta genero-identitaterako askatasuna barne— aurkako jokabide guztien kontra egitea.

No hay comentarios:

Publicar un comentario